Zornotzarren bizi-baldintzak hobetzeko neurriak zehaztuta, 1.010.000 euroko aurrekontua proposatu du EH Bilduk

Joan den azaroaren 24ko osoko bilkuran, 2024ko Aurrekontuari buruzko eztabaida eta bozketa egin zen. EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua dute, eta, beraz, Udal Gobernuaren proposamena gailendu zen. Hala ere, EH Bilduk bere eredu propioa dauka Amorebieta-Etxano hobea egiteko, eta saio hartan zornotzarren bizi kalitatea hobetzeko hainbat neurri ezartzea, eta ekimen horiek guztiak aurrera eramateko 1.010.000 euro bideratzea proposatu genuen.

Neurri guztiek pertsonen ongizatea dute helburu, eta, ondorioz, baliabide ekonomiko publikoak gizarte politiketan, politika feministetan, kulturan, kirolean eta ingurumenean inbertitzea planteatzen dugu. Hauek dira udaletxean proposatu ditugun neurriak eta aurrekontuak:

POLITIKA SOZIALAK: Etxez etxeko arreta zerbitzua azpikontratatuta dago, eta, ondorioz, etxez etxeko langileak baldintza prekarioetan ari dira lanean. Zerbitzu hori publiko egitea, hau da, Udalak bere gain hartzea proposatu dugu. Kudeaketa publikoa bada, langileen baldintzak hobetu egingo dira, eta zerbitzua kalitatezkoa izatea bermatuko da.

Horretarako, baina, ezinbestekoa da lehendabizi ikerketa sakon bat egitea, etxez etxeko zerbitzuaren erabiltzaile kopurua zenbatekoa den eta haien beharrizanak zeintzuk diren identifikatzeko. Ikerketa hori gauzatzeko 50.000 euro bideratzea proposatu dugu.

Era berean, ongizate sozialerako eta osasun mentalerako laguntza bonoak (30.000 euro) ateratzea proposatu dugu, baita gazteriaren beharrizanak detektatzeko eta beharrizan horien erantzun bat emateko proiektu bat (30.000 euro) abiatzea ere.

POLITIKA FEMINISTAK:  Mugimendu Feministarekin elkarlanean, Zornotzan Emakumeen* Etxea sortzea beharrezkoa da, emakumeek euren espazio eta topagune propioa izan dezaten. Emakumeen beharrizanak identifikatzeko eta, besteak beste, Emakumeen* Etxea non kokatu behar den eta eraikin horren funtzioak zeintzuk izan beharko liratekeen zehazteko, aurrez ikerketa bat egin beharko litzateke. Horretarako 30.000 euro bideratzea proposatu dugu.

ERRONKA EKOSOZIALA: Larrialdi klimatikoari eta horren ondorioei aurre egiteko borrokak globala behar du izan, baina udalerrietan ere berehala hartu behar dira tokian tokiko neurriak. Hasteko, ondoko ekintzak proposatzen ditugu: 400.000 euro, ur hornidurarako sarea modu progresiboan berrizteko, ura alperrik galdu ez dadin; 200.000 euro, gure ondare naturala babesteko, toki estrategikoetan -San Juan Ofrendo-Arezti-Bizkargi Gana- lursailak erosita; 80.000 euro, 2030 Agendaren ekintza plana osatzeko Ingurumen teknikari bat kontratatzeko; 50.000 euro, komunitate energetikoak sortzeko lehen urratsak emateko informazio eta aholkularitza gune bat abiarazteko.

KULTURA: Kultura sustatzeko eredua aldatu beharra dago. Makro-jaialdietan eta makro-ekimenetan dirutza xahutu beharrean, lehentasuna gureari, bertokoari ematea defendatzen dugu. Horrenbestez, euskara sustatzeko jarduera soziokulturaletara 30.000 euro bideratzea proposatu dugu.

AUZOAK: Gure herriko auzoak zaintzea eta hobetzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Horretarako, ondoko ekimenak proposatu ditugu 2024rako: 20.000 euro, auzo guztietan buzoi berriak jartzeko edo badaudenak egokitzeko, eta panel informatiboak ipintzeko; 50.000 euro, Torreburuko bidea berritzeko; 10.000 euro, Kimeran argiteria eta zabor kontainer-ontziak jartzeko; eta 30.000 euro, auzoetako jaietan erabiltzeko karpa bat erosteko.