Estatu espainolak eragindako gehiegikerien zantzu berri bat edo beste hedabideetan agertzen denean, matraila irabiatu, emozioak berriro hartzen gaitu eta oinazea beste behin gorputzeratu egiten zaigu. Lehenengo aldian bezala.
Behin eta berriro justizia eskatzen da gertakizun haiekiko, justizia egite berak haraindiko estadio batetara eramango bagintu. Baina Estatuak, egitekotan, legea aplikatuko du (jakina, ez gizabanako guztientzako modu berdinean) eta, dakigun bezala, legea aplikatzeak ez du esan nahi justizia egiten denik eta horren froga argi batzuk izan baditugu.
Iragan astea zurrunbilotsu joan da Barrionuevo, garai hartako Barne ministroak, hedabide batean emandako elkarrizketaren harira. Euskal gizarteak aspalditik dakiena berretsi besterik ez du egin eta bera ere gertakizun haiekiko auzipetu egin izana izan zen aste batzuetako kartzelaldia betetzeraino.
Estatuak horrelako gertakizunen aurrean “bertsio ofiziala” ezartzen du temati eta ez du uzten bestelako zirrikiturik, nahiz agerian dagoenak argi utzi garaian garaiko Gobernuak hankak leporaino bustita izan dituela. Baina bestelako bertsio bat mantentzean, egon daitekeen “disidentziaren” aldeko kokatze bat leporatuko zaie. Gertakizunen bertsio bakarra dago, jakina botereak emango duena eta, horrela izanik, justizia airean bolo bolo ibil daitekeen zirimola bezalakoa izango da, inolako lokarririk ez duen zirimola, ezelango legerik aplikatuko ezin izango zaiona.
Eta non dago Justizia? Estatu espainoleko sozialisten garaia hasi zenean hauteskunde orokorrak irabazi ondoren, 1982ko urrian alegia, Felipe Gonzalezek Venezuelara egin zuen bidaia bat bertako Carlos Andrés Pérez presidentearekin harremantzera. Bertan izenpetu zen disidentziaren kontrako “Estatu Gerra Zikinaren” hautua. Aurretik ere egona zen Estatu terrorismoa eta argi esan daiteke estatuko estolderietan mugitzen zirenak parte hartze zuzena izan zutela. Baina nago afera ez dela guztiz Gerra Zikinarekin lotura duten zantzuak egon ala ez, baizik hemen egon ez dagoena da botere banaketa bat. Ondorioz, egon ez dagoena da epaile bat bustiko dena bere egitekoa eginez eta delitua sumatu daitekeen horretan diligentziak zabalduko dituena.
Oraintxe bertan, Grande Marlasca, Barne ministroa denak eta aurretik epaile izandakoak, aukera ezin hobea du ikerketa komisio bat zabaltzeko eta Gerra Zikinaren afera muturreraino eramateko. Baina ama den Estatuak ez ditu bere kumetxoak jaten. Eta hori garai batean “jueces para la democracia” talde barruan zegoela…
Diote bakarrik balio duela egi judizialak, eta horrek legeak interpretatzera garamatza. Oraintxe bertan ematen ari diren bi kasuren froga garbia dukegu: bata, Barrionuevoren auzia “prescrito” edo epez kanpo legoke. Beraz, bere aurkako deus ezin daiteke zabaldu; biga, hor dago espetxeratuta Jaione Jauregi, Belgikatik estraditatua eta duela lau hamarkada gertatu zen auzi bategatik auziperatuta. Kartzeleratua izanda nahiko ez, eta hemendik gutxira kartzela prebentiboa luzatu egingo diote beste bi urtez, guztira lau urte egon daiteke epaiaren zain.
Bitartean, denon lehendakari den Urkullu jaunak dio berak ez dituela gustuko olatu nabarmenak, horrek nonbait bere erosotasunari eragingo diolako. Edo, beste modu batetara esanda: ez duela nahi konfrontaziorik Estatuarekiko. Bizi gaitezen eroso, bizi gaitezen pozik, baina Estatuaren botatzarra euskaldunen lepoari atxikita eta, ahal bada, ondo estututa argi izan dezagun nork agintzen duen.