Urte bat igaro da Bilbon 70.000 lagun baino gehiago elkartu ginenetik. Aurreikuspen guztiak hautsi zituen mobilizazioak. Erantzuteko arrazoiak pilatzen ari zitzaizkigun euskaldunoi, eta mahai gainean kolpe bat eman, elkarguneak aurkitu eta ahots bakarrez erantzun genuen. Hamabi hilabete igaro dira eta oldarraldiak bere horretan jarraitzen du. Are, oldarraldi hari judizial etiketa jarri bagenion ere, gainean duguna erreakzio judizial, politiko eta ideologikoa ere bada. Erasoaldi bete betean, gogoetatzera eraman nauten hainbat diskurtso eta esaldi irakurri ditut.
«Euskararen aurkako beste eraso bat», diote sareetan. Galdetzen diot nire buruari ea zenbat “beste” behar ditugun gehiago izan ez daitezen. Pentsatzen dut ea zergatik inpertsonalizatzen garen: ez dira euskararen kontrako erasoak, euskaldunon kontrako erasoak baizik. Feminismoak erakutsi digu emakume bat erasotuz gero, guztiak erasotzen gaituztela, dominazio sistemaren adierazpen eta betikotze tresna bezala irakurtzen ditugulako eraso horiek. Euskaldunon aurkakoek ere hala behar dute izan, tamainako erantzun kolektiboa behar dute. Gure buruak ahalduntzeko garaia da.
«Lanpostu publikoetan euskara eskatzea diskriminatzailea da». Ez dakit supremazismo espainola den, ala ebidentziak ikusi nahi ez dituena baino itsuagorik dagoen: funtzionario izatea ez da eskubide bat. Lanpostu publikoak herritarren beharrak asetzeko sortu dira, kasu honetan, euskaraz ere bizi den komunitate batena. Sinplea da: horiek asetu ezin badituzu, ezin duzu lanpostu publiko bat izan. Inork imajina lezake Alemaniako administrazioa, alemanik gabe? Frantziakoa frantsesez arretarik eman gabe?
«Gazteek ez dute euskaraz hitz egiten». Uste dut sarritan ez diogula bizi garen gizarte hiperglobalizatu honi neurria hartzen. Euskaldunok belaunaldiz belaunaldi gure hizkuntzan bizitzeko askotariko ezintasunak izan ditugu (tartean euskara debekatzen zigun diktadura frankista), eta orain, globalizazioaren ozeanoak ez du euskararen ekosistema arnasgarriago egiten. Ezintasunak ez dira desagertu, formaz aldatu baizik; gazteok euskaraz bizi ezinik jarraitzen dugu. Oztopoek gure hizkuntza ohiturak determinatzen dituzte, eta bistakoa den bezala, korronteak ez daude estaturik gabeko nazio baten eta bere hizkuntza minorizatuaren mesedetan. Ozeano horretan igerian gaudenok ardura indibiduala izan badugu. Ardura hori gure egin, gazteria politizatu eta euskararen aldeko borrokara batzea dagokigu. Ardura indibiduala bai, baina erantzukizun politikoak ere bai. Bada garaia ardura hartu eta gazteon errealitate sozio kulturalera egokitzen diren hizkuntza politika ausartak egiteko. Gazteok ez dugulako gure hizkuntzaren arnasa arnasguneetara kondenatu nahi, arnasten ari garelakoan gure hizkuntzan hitz egin nahi dugu, ez besterik.
«Etorkinen ondorioz euskara galbidera doa». Bandera sasieuskaltzale horri xenofobia dario. Izan gaitezen zintzoak: ez al da injustua etorri berri denari exijitzea hemen bizitza osoa daramatenei, euskaldundu ez den gure bizilagunari edo senideari exijitzen ez dioguna? Gugandik hasita, jakintzatik erabilerara dagoen amildegia ikusita, eskubiderik al dugu egoera zaurgarrienean dagoena erruduntzeko? Gustatu ala ez, Euskal Herria geroz eta anitzagoa da eta izango da. Erronka horri egungo egoerara egokitutako hizkuntza politika ausartekin erantzun behar diogu. Euskarak kohesio sozialerako mailu izan behar du, inklusiorako giltza eta komunitate batera batzeko tresna. Ezin diogu eskuinaren diskurtsoari zirrikiturik oparitu, euskaltzaletasunaren aitzakiapean ere ez.
Kontua ez da botila erdi hutsik edo erdi beteta dagoen. Kontua da, iturri azpian dagoen botilak zuloa duela. Botilaz aldatu behar dugu, eta horretarako, denok, bakoitzaren eragin eremutik, ardurak hartu eta exijitu behar ditugu. Goazen handia zaigun ozeano honetan elkarrekin arraun egitera, bakarrik eta norabide ezberdinetan ezin da.