Gaizka Esparza: “Ordenantza berriarekin, Udal Gobernuak aukera izango du interesatzen ez zaizkion ekimenak galarazteko, eta kalean bozgorailuak erabiltzea debekatuta egongo da”

Gaizka Esparza, EH Bilduko zinegotzia.

Elkarrizketa honetan, Gaizka Esparza zinegotziak eremu publikoaren erabilera arautzeko Udal Gobernuak ezarri nahi duen Ordenantza polemikoaren gako nagusiak zeintzuk diren azaltzen ditu, fokua Ainhoa Salterain alkatearen gobernu taldeak kontatzen ez dituen puntuetan jarrita.

Amorebieta-Etxanoko eremu publikoaren erabilera eta bizikidetza arautzeko EAJk eta PSE-EEk ezarriko duten Ordenantzak polemika piztu du. Ainhoa Salterain alkateak komunikabideetan adierazi du ez duela eraginik izango herriko kaleetan edo plazetan ekimenak antolatzerakoan, baina hori ez da egia.

Araudiaren testua oso anbiguoa da, eta baimenak emateko edo ukatzeko eskumena alkateak izango du; baimen hori lortzeko burokrazia betetzea zailagoa izango da aurrerantzean; eta kalean bozgorailuak edo musika anplifikadoreak erabiltzea galarazita egongo da.

Gaizka Esparza EH Bilduko zinegotziak ondo ezagutzen du Udal Gobernuak ezarri nahi duen ordenantza, eta araudi berriaren gako nagusiak azaldu dizkigu, baita alkateak kontatzen ez duena ere.

– Eremu publikoaren erabilera arautzeko Udal Gobernuak (PNV-PSE) egin duen ordenantza berriak polemika handia piztu du herrian. Zergatik?

Horrela da, bai, eta pena ematen du; izan ere, edozein Udal Gobernuren helburua izan beharko litzateke horrelako dokumentu bat sortzerakoan herritarron parte-hartzea bermatzea, eta adostasun zabalena bilatzea.

Ordenantza horretan zornotzarron bizikidetza arautzen da, eta espazio publikoa denona den heinean, denon artean garatu eta aho batez onartzen saiatu beharko ginateke, baina ez da bide hori jorratzeko saiakerarik egin, eta horren ondorioz, sortu da herritarren haserrea. Hala, eragile ezberdinek ‘Ordenantza honi EZ!’ plataforma eratzeko erabakia hartu zuten, eta mila sinaduratik gorako babesa jaso dute.

Hasieran, Ordenantza berria egiten ari zirenaren aitzakian, espazio publikoa erabiltzeko baimenik ez ematea erabaki zuen Udal Gobernuak, inongo oinarri juridiko barik, eta alkatearen erabaki politikoan oinarrituta. Hezkuntza zentroekin salbuespena egingo zutela esan zuten, baina hori ere ez dute bete. Irizpideak aldatzen ibili dira, baimenak ekimen arabera emanda edo ukatuta. eta ekimen batzuei baimena emanez aurretiaz beste batzuei ukatu zitzaienean…

Zornotzarron elkarbizitza eta espazio publikoaren erabilera arautuko duen Ordenantza EAJ-PSE Udal Gobernuaren neurrira eta nahietara egokitutako dokumentua da, eta inplikatuta gauden herritarroi eta eragileei bizkarra emanez egin dute: araudi horrek ez ditu kontuan hartzen espazio publikoa erabiltzen dugun pertsona guztion beharrizanak eta nahiak.

Are gehiago, araudia murriztailea da, eta baimenekin loturiko erabaki asko Udal Gobernuaren esku egongo dira, hau da, elkarte eta eragileen ekimenak oztopatzeko eskumena izango du alkatearen gobernu taldeak.

– Zeintzuk dira Udal Gobernuak eman dituen arrazoiak ordenantza berria egiteko?

Zuzenean ez digute inolako arrazoirik eman, eta Ordenantzaren dokumentuan ere justifikazio hori faltan bota dugu. Pandemia garaian ostalaritzako terrazei espazio gehiago eman zitzaien, eta baimen horiek berriro aztertzea omen zen helburua, baina, testua irakurrita, Ordenantza berriak eremu publikoan egin daitezkeen jarduerak eta espazio publiko horietan jar daitezkeen instalazioak arautzen ditu. Areago, herritarron jokabidea ere arautzen du, nolabait, eta horrelakorik ez da jasotzen beste udalerri batzuetako ordenantzetan.

– Ordenantza berriak, besteak beste, ostalarien, merkatarien, elkarteen edota eragile sozialen jarduna baldintzatuko du. Udal Gobernuak dio prozesu parte-hartzaile bat egin duela, eta EH Bilduk ezetz. Argitu dezakezu zer gertatu den?

Ordenantzari hasierako onarpena emateko bozketa egin baino lehen adierazi genion Udal Gobernuari ez zela egoki jokatzen ari, gure kudeaketa ereduaren kontra zihoala herritarrei bizkarra emanez lan egitea, eta proposamen zintzo eta konkretu bat jarri genuen mahai gainean: hutsetik hasi eta benetako prozesu parte-hartzaile bat abian jartzea. Hiru fasetan banatutako prozesu garden bati bide ematea, herritar, merkatari, ostalari, elkarte eta eragileak barne hartuko lituzkeena. Baina ez zuten gure planteamendua aztertu ere egin.

Badakigu Udal Gobernuko ordezkari batzuk ostalari batzuengana hurbildu direla, baina, kasu batzuetan behintzat, Ordenantza behin-behinean onartu eta gero joan dira, “haiekin zer egingo duten informatzeko”.

Horrez gain, esan dute lehen sektorearekin eta hainbat herritarrekin batu direla, eta haien ekarpenak jaso dituztela. Noiz izan da hori? Norekin bildu dira? Non daude bilera horien aktak? Zein proposamen jaso dira? Horrela izan bada, informazio hori guztia Ordenantzaren txostenean jasota egon beharko litzateke, baina txostenak bi folio besterik ez ditu, eta ez du horri buruz eser esaten. Honi deitzen dio Udal Gobernuak “prozesu parte-hartzailea”; bakoitzak atera ditzala bere ondorioak, baina ikaragarria da Udal Gobernu honen gardentasun eta seriotasun falta.

Beharrezkoa izateaz gain, gu konbentzituta gaude oso aberasgarria izango litzatekeela elkarrizketarako foroak irekitzea Ordenantzak eragingo dien herritarrekin eta eragileekin iritziak, kezkak eta proposamenak eztabaidatzeko.  Badakigu eremu guztietara iristea zaila dela, baina udalerri batek merezi du horrelako ekimenetan indarra jartzea. Beti esaten dugun moduan, alkaterik onena herria baita.

– Ordenantzaren edukian sartuta, anbiguoa eta arbitrarioa dela salatu duzue. Jar dezakezu adibideren bat?

Adibide asko daude. Espazio publikoaren erabilerarako lizentzien gainean, adibidez, zera dio: Udalaren interes publikoa asetzen duten heinean emango direla baimenak, eta Udalak edozein unetan baliogabetu ditzakeela, kalte-ordainerako eskubiderik gabe, interes publikoko arrazoiengatik edo interes publiko handiagoko jardueretarako espazioa erabiltzea eragozten dutenean.

Horrenbestez, norbere buruari egin beharreko galdera da: nork erabakiko du eta zein irizpideren arabera zer den interes publikokoa? Udal Gobernuak erabakiko du, bere interesen arabera. Horregatik esaten dugu Ordenantza arbitrarioa dela, ekimenak egiteko baimenak emateko edo ukatzeko irizpide objektiboak ez daudelako jasota araudi berrian. Areago, baimena emateko edo ukatzeko “eskatzailearen tipologia” ere kontuan hartuko dutela aipatzen da Ordenantzan. Zer esan nahi dute horrekin? Zehaztapen ugari falta dira araudi berrian, eta hori herritarren, elkarteen eta gainerako eragileen kalterako da.

– Demagun herriko elkarteren batek ekimen bat antolatu nahi duela Zornotzan: baserritarren azoka bat herriko plazan, kontzertu bat Zelaieta parkean, kirol proba bat herriko kaleetan… Nolakoa da burokrazia?

Eskatzaileari gehiegizko baldintzak edo betebeharrak jartzen zaizkiola deritzogu, ekimenak burokrazian itotzeko arriskua izanik. Okupazioaren deskribapena, egingo diren instalazioen deskribapena barne hartzen duena, eta okupazioaren denborak zehaztea beharrezkoa da, baita eragin ditzakeen kalteak bere gain hartzeko konpromisoa ere.

Baina ordenantza haratago doa eta eskabidearekin batera, egitekoa den okupazioaren deskribapen-memoria eta eratorritako ondorio guztien ebaluazioa, okupazioari loturiko informazio tekniko guztia, muntaketa eta desmuntaketa denborak eta sortu litezkeen kalteak direla eta behar diren bermeak eskaintzea, hala nola eskudirutan egindako fidantzak eta erantzukizun-aseguruetarako polizak eskatzen ditu, baldintza horiek ez betetzeak, eskabidea ez onartzea ekarriko duelarik.

Alkateak baldintzak aldatu ez direla esan omen du hedabideren batean… Bada, edo ez du ordenantza  irakurri edo gezurretan dabil. Denborei dagokienez, eskaerak, gehienez jarduera eguna baino 90 egun natural lehenago egin ahal izango dira, eta Udalak erantzuna ekintza burutu baino 15 egun lehenago eman diezazuke.

Egin nahi den jarduerak planifikaziorako eta antolamendurako denbora berme batzuk behar ditu nahitaez. Hori dela eta, erabilera eguna erreferentziatzat hartzea baino, uste dugu egokiagoa litzatekeela eskaera egin zen eguna erreferentziatzat hartzea, eta ordutik hasita egun kopuru bat zehaztea.

– Tabernen terrazak direla eta, zein aldaketa izango dira?

Pandemiaren eraginez ostalariei terrazak handitzeko baimenak eman zitzaizkien, Ordenantza honek establezimenduaren arabera terrazek izan behar dituzten tamainak arautzen ditu. Tokiko garapen iraunkorra eta irisgarritasunaren arteko oreka bilatzen saiatzen da.

– Zeintzuk dira Ordenantza berriak ezartzen dituen debekuak?

Adibidez, araudian jasotzen da kaleko musika-emanaldiak egiteko oso kasu zehatz eta puntualetarako emango direla baimenak. Kaleko musika eta ekitaldiak euskal giroari lotuta egoten dira gehien-gehienetan. Beraz, horrelako ekimenak erraztu egin beharko lirateke, euskararen eta euskal kulturaren mesedetan direlako, eta ez oztopatu.

Horrez gain, hitzez-hitz jasotzen du debekatuta dagoela espazio publikoan bozgorailu eramangarriak edo antzeko anplifikadoreak erabiltzea. Debeku horrek kalen egiten diren elkarretaratzeak eta mobilizazioak baldintzatuko ditu, tartean pentsionistek astero egiten duten kontzentrazioa.

– 2023ko azaroaren 30ean, Zornotzako alkateak herriko plazan bazkari bat egiteko baimena ukatu zion Zornotzako Mugimendu Feministari, eta joan den martxoan, Korrikako kartelak kentzeko agindua eman zuen. Ordenantzan berriarekin, horrelako gauzak errepikatzeko arriskua dago, beraz?

Lehen esan bezala baimena emateko aurreikusten diren irizpideak oso arbitrarioak dira, interes publikoa edota eskatzailearen tipologia zein izan daitekeen oinarri hartuta, erabakia edozein izan daitekeelarik.

Udal Gobernuak, Hileron ateratako beste elkarrizketa batean esaten du, Haizetara, Udazken Txistulari Taldeak domeketan egiten duen kalejira, Olentzero eta Mari Domingiren ikuskizun eta antzeko ekimenak ez direla mugatuko. Dena den, Ordenantza eskutan hartuta, badauka aukera horrelako ekimenetan eragiteko.

Baina, noski, Udal Gobernuaren aterkipean egiten diren jarduerak ez dira arriskuan egongo. Aitzitik, bestelako eragileek antolatzen dituztenak ziurgabetasun egoera batean aurkituko dira.

– Testuinguru honetan, joan den maiatzean hainbat alegazio aurkeztu zenituzten. Nola dago kontua?

Ordenantzari 60tik gora proposamen eta zuzenketa egin dizkiogu alegazioak aurkezteko epearen baitan. Publiko egin ditugu sare sozialetan, eta gure webgunean (ehbilduzornotza.eus) daude edonork irakurri ditzan.

Lehen esan bezala gure lehen eskaera ordenantzaren garapen prozesua atzera bota eta berriz hastea da, beste udalerri batzuetan egin den moduan, prozesu-partehartzaile bat abian jarriz. Era berean, forma zein edukiari lotutako hainbat proposamen aurkeztu ditugu.

Formari dagokionez, Ordenantza onartzeko hartu beharreko araudia kontutan izanik, hainbat txosten falta direla antzeman dugu, besteak beste,  genero inpaktuari dagokion txostena. Txosten horiek gabe, posible da ordenantza legez baliogabetzea.

Edukiari loturiko hainbat ekarpen ere egin ditugu, lehen aipaturiko hainbat punturi dagozkionak, baita euskararen erabilera normalizatu eta sustatzeko irizpideei loturikoak, gure kaleetako hizkuntza-paisaiari loturikoak eta elkarbizitzan euskararen erabilerari dagozkionak txertatzea proposatu dugu, ordenantzak ez ditu aintzat hartzen eta.

Proposamen guztien erantzunak noizko egongo diren eta zein kanaletan emango diren ez dakigu. Halaber, ez dakigu alegazioak eztabaidatzeko fororik egongo den ala ez.

– EH Bilduk ez ezik, hainbat elkartek ere aurkeztu dituzte alegazioak Ordenantzaren harira. Udal Gobernuak jarrera aldatuko duela espero duzue?

Azken urtea nola joan den ikusita, eta hedabide ezberdinetan Ainhoa Salterainek esandakoak ikusita –alegazioen inguruan ez du inolako aipamenik egin-, ez dugu jarrera aldaketarik aurreikusten. Orain arte bezala alboetara begiratu gabe, aurrera egingo dutela uste dut, eta oso larria iruditzen zait alkate batek bere herriko eragileek sortutako plataforma bati, mila sinaduratik gorako babesa lortu duen plataforma bati, eta oposizio guztiari entzungor egitea.

Kudeaketa eredu desberdinak izatea zilegi da, nola ez, baina ez gaitzala engainatu herri hau “arkalaz” egiten dugunaren diskurtsoarekin.