XX. mendean, ez dago Estatu historia bakar bat polizia eta tortura deslotu dezakeena. Tortura hitz madarikatua zein beldurgarria bilakatu izan da hamarkada luzeetan Euskal Herrian, amesgaiztoa izateraino. Estatu batek disidentziaren kontra, eta modu sistematikoan, darabilen arma da tortura. Hala ere, definizio batek ez du inolaz ere erakusten hitz horren sakonera, are gutxiago sakonera horrek pertsonengan sortarazten dituen zauriak eta izuak.
Poetak liokeen bezala: urrutitik datoz urak, joandako egunen negarra dakarte… baina tortura hortxe dago, aiduru bezala eta Estatuak behar duenean segituko du torturatzen, ez gaitezen engaina, hori bailitzateke gure akats larriena.
Eta zer iradokitzen du “tortura” hitzak norbanakoaren pentsamenduan? Batez erę, esango nuke, beldurra eta izua, denboran amesgaiztoa bilakatu daitekeena. Zauri ezabaezinak geratu daitezke, Estatuko komisarietatik atera ondoren, bertatik igaro denarentzat.
Zer bilatzen du torturak? Lehenik eta behin, informazioa ateratzea atxilotuta dagoenari, baina baditu bestelako helburu batzuk garrantzi gutxiago ez dutenak. Bataz beste, herri oso batean beldurra eta terrorea sorraraztea, pertsona oro kikiltzeraino.
Egun askotako gau ilunak gauza askotarako ematen du eta komisariatan zein kuarteliloetan igarotako gau ilunak zauri ezin larriagoak uzten ditu pertsonengan. Askotako zauriak bisibleak direnak gorputzean, beste batzuk ikusezinak egiten direnak ikusmenarentzat, baina hor dirautenak denbora luzean, akaso biziarteko osoan. Hauek dira kaltegarrienak pertsonarentzat.
Torturaz modu kolektiboan hitz egin daiteke herri oso bati aplikatutako bortxa izan delako, baina komisarietan jasandakoa norbanakoari dagokio adieraztea eta bertan bizi izandakoa azalaraztea. Hor daukagu erronka, bisible egitea egondakoa eta entzungor egon den gizartearen zati haundi bati interpelatzea. Hori da gure errelatoaren zati garrantzitsu bat.
Aipamen berezia egin beharko litzateke torturatua emakumea izan denean. Komisariak edota kuarteliloak beti izan dira oso maskulinoak. Emakume atxilotua euren esku egon denean genero bortxa eman da modu sistematikoan. Umiliazioak etengabekoak dira, eta euren pertsonan askotariko zafrarraldiak pairatu behar izan dituzte. Bortxaren irudia beti dago presente komisariaren atetik barrura sartzen zaituztenean.
Torturak min ematen du gorputz barrura, gorputzetik kanpo mina dago kontatzerakoan. Ez da gauza erraza egondakoaren errelatoa egitea, baina ezinbestekoa zaigu kanporatzea, apurka bada ere, zauriak ixten joateko. Nekez onartuko du Estatu batek (hemen sartzen da Ertzantza ere) bere kuarteliloetan torturatu dela, are gutxiago modu sistematiko batean tortura aplikatu denik. Hori herri bezala dagokigun eginbeharra da.
Beldurraren menpe dagoen herri batek nekez antola dezake inolako ibilbide politikorik Independentziaren bidean.
Juan Joxe Legorburu

