Euskaldun, EGAdun

idoia-zuloaga

Badakit udagoiena heldu zaigula, besterik ezean, kaleetako orbelak horrela erakusten duelako; baina, hala ere, udan irakurritako berri batekin nator oraingoan. Bertan Celaá andreak, Hezkuntza-sailburu ohiak, egindako adierazpen batzuk batzen ziren. EGA azterketa emaitzen gainean ari zen, %25 ingurukoa izanik gaindituen kopurua eskasa zela zioen.

Txarto ulertu nuelakoan, bigarrenez ere irakurri behar izan nuen albistea, eta seguru asko zuetako batzuengan gauza bera eragin dut. Ez, datua ezagun nuen aldetik ez zidan inolako harridurarik sorrarazi, benetan harrigarri izan zitzaidana bera Hezkuntza Sailaren ardura (EGA azterketaren kudeaketarena, besteak beste) izan zuenean emaitzak berdin antzekoak zirela eta orduan ez zuela ezer adierazi, eta are gutxiago egin.

Beraz, udan berrien iturria lehor zegoela egindako hausnarketa interesatua zela iritzita baztertu egin nuen. Kito!!

Dena den, “titulitisa” alde batera utzi gura izanda ere, hainbat lanpostutarako beharrezkoa izateak baldintzatzen duela onartu behar. Eta horren ondorioz, edozeinek, euskalduna izanez gero, EGAduna izan beharko lukeen iritzia oso zabalduta dago gure artean.

Horiek horrela, une batez pentsa dezagun! Har dezagun gure inguruko erdaldun bat (erdaraz normal aritzen den norbait) eta gaztelania maila neurtzeko azterketa egiten jarri. Ez edozein mailatako azterketa, EGA mailakoa baino. Cervantes Institutuaren C1 mailako azterketa, hain zuzen ere. Gainditu egingo luke? Nik neuk EZ! Eta nire moduan erdaldun askok eta askok ere ez.

Bestalde, har ditzagun bere sasoian, EGA azterketa prestatzen lan itzela egin ostean, aurkeztu eta gainditu zuten beste hainbat, eta gaur egun, ezinbestean euskaraz egin behar dutenean entzulerik adeitsuenari ere belarriko mina eragiten diotela ikusiko dugu, darabiltena euskara ez den besterik baita.

Nik uste nahiko argi geratu dela euskaldun izateak ez dakarrela berez EGAdun izatea, eta are argiago EGAdun izatea ez dela euskaldun izatearen bermea. Aukeran, izan gaitezen euskaldun!

OHARRA: Datuen gaineko hausnarketa egin gura duenari baliagarria izan dakiokeelakoan, EGA azterketara edozeinek du aurkeztea, euskaraz ez dakitenek ere bai. Ez dago aurrebaldintzarik.