Gorka Palacios presoa Murtziako espetxera urrundu dute

Irantzu, Naia eta Gorka.

Gorka Palacios preso durangarra Madrilgo Soto del Real kartzelatik Murtzia II espetxera eraman zuten atzo eta isolamenduan sartu dute, haren senideek jakinarazi dutenez.

Joan den apirilaren 18an estraditatu zuten Gorka, Frantzian 14 urte eta erdiko zigorra bete ostean.

Hasieran, Madrilgo Soto del Real kartzelan sartu zuten, etxetik 490 kilometrora; eta atzo Murtziara urrundu zuten, 830 kilometrora.

Auzitegi Nazionalak 30 urteko espetxe-zigorra ezarri zion.

Gorka Palacios Aldai 1974ko urriaren 17an jaio zen Durangon. 43 urte ditu eta 20 urte daramatza etxetik kanpo.

Irantzu Zabala zornotzarra da Gorkaren bikotea. Alaba bat dute: Naia. Gorka preso dagoen urte luzeetan, sakabanaketa politika Irantzu eta Naiaren bizimodua baldintzatzen ari da.

Zornotzako EH Bilduk sakabanaketa politika amaitzea eta euskal presoen eskubide guztiak errespetatzea exijitzen du.